Atez Ate Katalunian. Polemika? Ez, emaitzak eta ekonomia

Atez Atekoaren inguruko Kataluniako esperientziaren berri emango dute asteartean, hilaren 27an, Legazpin, Lluis Verdaguez Taradell-eko alkateak (CIU) eta Enric Coll Bartzelonako Diputazioko teknikariak.

Sasietako Mankomunitateak, Legazpiko Udalaren elkarlanean, antolatutako hitzaldia egingo da asteartean, azaroaren 27an, arratsaldeko 19:00etan, Legazpiko Latxartegi zineman. Ekitaldian  Kataluniako atez ateko bilketaren inguruko esperientzia emango da ezagutzera.

“Polemika? Ez, emaitzak eta ekonomia” izenburupean hitzaldia antolatu du Sasietako Mankomunitateak Legazpin datorren astearterako. Helburua da atez atekoaren inguruan sortu den okerreko informazioa zuzendu eta inolako polemikarik gabe ezarri diren antzeko beste eredu batzuk ezagutzera ematea.

Katalunian dagoeneko 100 herrik baino gehiagok atez atekoa jarria dute eta hondakinen bilketak ez du zerikusirik kolore politikoarekin. Era guztietako alderdiak daude (ERC, CIU, PP, PSC…) sistema hori duten herrietako alkatetzetan. Horren guztiaren eta gehiagoren berri emango dute Taradelleko alkate Lluis Verdaguer-ek (CIU) eta Bartzelonako Diputazioko teknikari Enric Coll-ek 19:00etatik aurrera Latxartegi zineman egingo duten hitzaldian.