Ostegun gizena aukeratu du Kultura Sailak herriko ipotx berriak aukeratzeko: ‘Pepita esne-saltzailea’ eta ‘Xanti aguazila’. Gurean, 2013ko Santio jaietan ibili ziren lehen aldiz ipotxak, buruhandi eta erraldoiekin batera, Villabonako kaleetan, Donostiako Irrintzi Konpartsaren eskutik. Konpartsa horretako erraldoien dantzek eta ipotxen eta buruhandien ibilerek herritar guztien ikusmina piztu zuten, eta Villabonako Udalak bi ipotx egingo zituela erabaki zuen, kalejiretan lehendik zituen erraldoiekin eta buruhandiekin batera ibiltzeko. Kasu honetan, herritar askori ezagun egingo zaizkion bi pertsonaia aukeratu dira: alguazila eta esnezalea.
Irudi horiek Irungo Garate anaien tailerrean gauzatu dituzte, eta Villabonako Udalak azpimarratu nahi du artista horien prestutasuna eta trebezia, udaleko arduradunek emandako ideia eta irudietatik abiatu eta hezur eta haragizko diruditen pertsonaia horiek egiteko.
Esan bezala, gaur lehen aldiz ibiliko dira Xanti eta Pepita berriak Villabonako kaleetan; kasu honetan, Fleming eta Zubimusu ikastetxeetako haurren Ostegun Gizeneko konpartsarekin batera. Dena den, aurki ezagunak izango dira herritar guztientzat, gure betiko buruhandi eta erraldoiekin ibiliko baitira kalejiretan, haurren eta helduen gozagarri.