Tolosaldeko Alkate Mugimenduak etorkizuneko osasun arreta definitzeko lau eskaera egin dizkio Osasun Sailari

IURREAMENDI EGOITZA

Guztira Tolosaldeko 24 alkate biltzen dituen taldeak (tartean da Beatriz Unzue, Amasa-Villabonakoa) Ospitale publiko berriak eskainiko dituen zerbitzuen gaineko argitasuna eta zehaztasuna eskatzu dizkio Osasun sailari eta norabide horretan Plan Funtzionala aurkeztea ezinbestekoa dela aldarrikatu du. 

Honakoa da Tolosaldeko Alkateen Mugimenduak gaur argitaratu duen oharra:

Tolosaldeko alkateok gure kezka eta ardura adierazi nahi dugu Osasun Sailak Tolosalderako iragarritako proiektuaren inguruan izan duen jardunagatik eta hartutako konpromisoak ez betetzeagatik.

Osasun Sailak Tolosaldeko udal ordezkariekin urrian Tolosara egindako bileraren aurretik, Tolosaldeko alkateok honakoa adierazi genuen prentsa ohar bidez:

“Orain arte, ospitale berriaren ezaugarriak prentsaren bidez baino ez ditugu ezagutu. Ekainean Osasun Sailburuarekin izan genuen bileran hainbat informazio eman baziguten ere, orokortasunetara mugatu ziren inongo zehaztapenetan sartu gabe. Biharamunean berriz zur eta lur gelditu ginen komunikabide batek, ‘Osasun Sailak etorkizuneko ospitalearen diseinua dagoeneko amaituta duela’ baieztatzerekin batera, bileran jaso ez genituen informazioak eta zehaztasunak argitaratu zituela ikusita; eta are eta harrituagoak, prestazioak jasotzen dituen dokumentua alkateokin partekatu zela irakurrita. Hiru hilabete baino gehiago pasa dira eta ez da inongo informazio zehatza partekatu gurekin.
Egoera honek ziurgabetasuna eta mesfidantza sortu digu. Orain arteko informazio faltak eta honen kudeaketak sortu digun kezka ere azpimarratu nahi dugu, bai udalen aldetik, bai herritarren eta eskualdeko eragileen partetik”.

Osasun Sailburuak, aipatutako urriko bileran, egin asmo duten zentro berriak emango dituen zerbitzuak 2025eko azarorako zehazteko konpromisoa hartu zuen.

Bileraren ondoren, alkateok, aurkeztutako proposamenaren norabidea egokitzat jo bagenuen ere, argi adierazi genuen informazio asko falta zela eta galdera asko erantzun gabe zeudela oraindik. Proiektuaren xehetasun teknikoak, zerbitzuen antolaketa, baliabide eta langileen integrazioaren baldintzak, besteak beste.

Egun, ekaineko bileratik zortzi hilabete eta urriko bileratik lau hilabete pasa diren honetan, konpromiso hori ez da bete, eta udalok ez dugu ez plan funtzionalik ez eta bestelako dokumenturik jaso. Bestetik, publiko egin diren data dantzen aurrean, datozen urteei begirako kronograma argi eta fidagarria eskatu genuen, baina informazio hori ere ez zaigu helarazi.

Azken bileran proposamenak mahai gainean jarri baziren ere, ez da aurrerapauso errealik eman, ez erabaki lotesleetan, ez dokumentu ofizialetan. Oraindik ez dago argituta ospitale berriak zer zerbitzu eskainiko dituen, ez eta Tolosaldeko osasun sistemaren egitura integrala zein izango den ere. Ondorioz, behar bakoitza non eta nola artatuko den ez dakigu.

Proposamen berria martxan jarri bitarteko trantsizio aldia nola izango den ere definitu beharra dago. Testuinguru honetan, Asuncion Klinika ezinbesteko tresna izango da, eta Osasun Sailak honekin sinatuko duen hitzarmenak aparteko garrantzia du. Hurrengo hitzarmenak ez luke jarraipeneko akordio hutsa izan behar, datozen urteetarako Tolosaldeko osasun arretaren oinarriak ezarriko dituena baizik.

Egoera horren aurrean, azaldutako guztiagatik, Tolosaldeko alkateok berriro eskatzen dugu:

  • Plan funtzionalaren berehalako aurkezpena.
  • Datozen urteetako kronograma zehatz eta partekatua.
  • Ospitale publiko bat izan bitartean kalitatezko osasun arreta behar bezala bermatzea.
  • Asuncion Klinikarekin lehenbailehen hitzarmen bat sinatzea, trantsizio aldiko kalitatezko osasun arretaren oinarriak eta betebeharrak argi ezarriko dituena.

Tolosaldeko herritarrek argitasuna, zehaztasuna eta erantzukizuna merezi dituzte eta bide horretan, Tolosaldeko alkateok berriz ere mahai gainean jartzen dugu Osasun Sailarekin eta gainerako erakundeekin lankidetzan aritzeko prestutasuna.