Villabonako Udalak eta Kutxa Ekoguneak, herriko arrandegien eta harategien laguntzarekin, tupper-a erabiltzeko kanpaina jarri zuten martxan orain dela sei hilabete, herrian hondakinak murrizteko xedez. Kanpainak iraun duen bitartean, arrandegietan eta harategietan tupper-a erabili duen bezero bakoitzak 20 euroko bonoa irabazteko aukera izan du, hilero egindako zozketei esker. Bono hori arrandegietako edo harategietako produktuetan gastatzeko izan da.
Harategiek eta arrandegiek aktiboki hartu dute parte ekimenean, izan ere, denda bakoitzak hilero zozketa bana egin du tupper-a erabili duten bezeroen artean. Parte-hartu duten arrandegi eta harategiak honakoak dira: Brontxillo, Benito Aldalur, Musturinea eta Iguaran harategiak, eta Mutio, Garayar, Miguel Ruiz Amiano eta Itxaskide arrandegiak.
Kanpaina 2011ko abenduan hasi zen, eta hasieran arrakasta gutxi izan zuen arren, gero eta herritar gehiago animatu dira tupper-arekin erosketak egitera. Askok jada sistema hau erabiltzen dute eguneroko erosketetan. Villabonako Udalarentzat “oso pozgarria” da tupper-aren erabilera herritarren artean finkatu izana, horrek erakusten baitu “kanpainak bere emaitzak bildu” dituela.
Udalak erabiltzaile guztiak zoriondu nahi ditu, “bakoitzaren ekintza txikia den arren, orokorrean herrian hondakin gutxiago sortzea dakarrelako”. “Tupper-a oraindik erabiltzen ez dutenei, kanpaina bukatu den arren, arrandegietan zein harategietan erosketak egitean plastikozko kaxa horiek erabiltzera gonbidatzen ditugu”, gehitu du Udalak.
Deskargatu kanpainaren kartela