Villabonako Udalak 2013ko Udal Aurrekontuak onartu ditu. Joan den asteazkenean, hilak 30, egindako Osoko Bilkuran onartu ziren aurrekontuok Gobernu Taldearen (Bildu) aldeko bozekin. EAJ-PNV eta PSE-EE alderdiek aurka bozkatu zuten.
Oposizioan dauden alderdiek bi aste izan zituzten aurrekontu proiektuari ekarpenak emateko. Baina Gobernu Taldeak epe horren baitan ez zuen inolako proposamenik jaso. “Garai latzak bizi ditugu eta guztion inplikazioa beharrezkoa da. Oposizioak 2013ko aurrekontuentzat idatzizko proposamenik ez helarazi izana oso serioa da”, adierazi zuen Galder Azkue Alkateak.
Udal Gobernuak 5.834.815€ izango ditu aurten, 2012an baino 200.000 bat euro gehiago. Inbertsioetarako 472.618 euro bideratuko dira -iaz baino %26,91 gehiago-. “Udal Gobernuarentzat giltzarri diren inbertsioak egingo dira aurten, garapen jasangarriari, zerbitzuei edota herriarentzat onuragarrriak diren beste jarduera batzuei dagozkienak”, nabarmendu zuen Galder Azkuek, Villabonako Alkateak. Esaterako, Zero Zabor politikan sakontzeko 125.000 euroko inbertsioa egingo da (autokonposta egiteko guneen prestaketa, atez atezkoaren ezarpen fasea, sentsibilizazio kanpainak, e.a). “Gure programan Zero Zabor politiken alde egingo genuela esan genuen. Gaikako bilketan ahalik eta emaitzik onenak lortzea dugu helburu; hori dela eta, aurrekontuan esfortzu berezia eskaintzen diogu gai honi”, berretsi zuen Udal Gobernuak.
Horren arira, Osoko Bilkuran, oposizioan dauden taldeek atez-ateko sistemaren ezarpenaren aurka agertu ziren, aurrekontuak ez onartzeko arrazoi nagusitzat hura jo zutelarik. Ogasun Batzordean aurrekontu proposamena aurkeztu zenetik -2012ko urtarrilaren 16an-, EAJ-PNV eta PSE-EE alderdien eskutik inolako ekarpenik jaso ez izana tamaldu zuen Bilduk: “Ondo iruditzen zaigu atez-atekoaren aurka egotea, baina aldi berean, tristea da soilik aurrekontu guztiaren %3a suposatzen duen atal hori kontutan hartu eta hori aitzakitzat erabiltzea inolako ekarpenik ez emateko. Bizi dugun egoera larria aintzat hartuta, ez da batere serioa zaborren gaia erabiltzea inolako proposamenik ez luzatzearren”.
Diru-laguntza orekatuak
Elkarteei eta norbanakoei zuzendutako diru-laguntzei dagokienez, azpimarragarria da horiek guztiei zuzendutako laguntzek ez dutela ia murrizketarik jasango, 2012ko kopurua antzeko mantenduko delarik. Udal zerbitzuak ere ez dira gutxitu iazko aurrekontuekin alderatuz; Gizarte politiken bueltan, birbanaketa bat aurreikusten da: “Gurean, geroz eta gehiago dira oinarrizko beharrak asetzeko adina baliabide ez dituztenak. Villabonako Udaleko Gizarte Zerbitzuetako sailak kudeatzen dituen diru-laguntzetan gehien behar duten gure herritarrei babes zabalagoa eskainiko zaie”. Halaber, 2013ko aurrekontuen munduko beste herriekiko kooperazioa jasotzen du, laguntzak proiektu zehatzetara bideratuko direlarik.
Mugikortasunari dagokionez, Amasa-Villabonako mugikortasunari buruzko azterketa sakona egingo da 2013an. Arlo horri lotuta, era berean, herriko bidegorria margotuko da aurten. Politika energetikoa ere aintzakotzat hartzen da 2013ko aurrekontuetan. Hori horrela, Udalak argiteria publikoan inbertitzen jarraituko du aurten ere. Bestalde, EEEarekin elkarlanean, energia berriztagarrien sorreran Amasa-Villabonako udalerriak dituen gaitasunak aztertzen jarraituko da 2013an.
Herritarren zenbait ekarpen 2013ko aurrekontuetan jaso dira. Villabonako Udalak 2012ko abenduan informazio eta ekarpen prozesu bat martxan jarri zuen, 2013ko aurrekontuak modu parte hartzailean diseinatze aldera. Horietako zenbait aurtengo aurrekontuetan gehitu dira. “Amasa Villabonako bizilagunek Udalak banatutako inkestaren bidez helarazi dizkiguten hainbat eskari sartu dira aurrekontuan: Berez Behar Amasa Villabonakoa Bekak, bizikletak uzteko aparkalekuak, parke publiko bat estaltzeko azterketa proiektua edota haurren aisialdirako hainbat lokal, besteak beste”.
Beste zenbait erabaki: talde politikoentzat zuzkidura ekonomikoen jaitsieraren onarpena
Era berean, ohiko osoko bilkuran talde politikoentzako zuzkidura ekonomikoen asignazioari buruzko erabakia aldatzeko proposamena onartu zen, aho batez. Diru-laguntza horiei “orientazio berri bat” emate aldera, Bilduk luzatutako proposamenari esker, alderdi politiko guztiek jasotzen dituzten laguntzen %10a behar gehien dituzten norbanako zein taldeei bideratzea erabaki zen.