Maiatzaren 28an, 19:00etan, Tolosako Emakumeon plazan egingo den elkarretaratzean parte hartzeko deia egiten du Udalak.
Dagoeneko hamar emakumek salatu dute Tolosako osteopata sexu-erasoengatik, eta Tolosaldeko Mugimendu Feministak hamar emakume horiek salaketa jartzeko eman duten urratsa txalotu du. Era berean, salaketaren prozesua bizi dutenei babesa ere azaldu die.
Hitzetatik ekintzetara jotzeko, ordea, kalera irtetearen beharra nabarmendu du mugimendu feministak eta eskualde mailako elkarretaratzea deitu du datorren astearterako, maiatzaren 28rako. Tolosako Emakumeon plazan (Rondilla kalean, tren geltokiaren parean), 19:00etan izango da deialdia.
Amasa-Villabonako Udalak deialdi horrekin bat egin du, eta elkarretaratzean parte hartzeko deia egin nahi die tolosaldeko, eta bereziki Amasa-Villabonako herritar guztiei.