
Villabonako Udaletxean kokatzen den Udal Artxiboak donazio berriak jaso ditu azken hilabeteetan eta horietako batzuk oso interesgarriak izan dira, balore historiko azpimarragarria duten dokumentuak baitira. Horrela, Amasa-Villabonako artxibo publikoak hazten eta aberasten jarraitzen du, eta gure herriko historiaren xehetasun interesgarriak jasotzen dituzten dokumentu gero eta gehiago ditu.
Aipatu nahi dugun lehenengo donazioa modu anonimoan egindakoa da eta Amasa-Villabonako mendi komunalen larreen aprobetxamenduaren banaketa eta erregularizazioari buruzko memoria da. Memoria hau XIX. mendekoa da, zehazki 1.897. urtekoa.
Jasotako azken donazioari dagokionez, Villabonaren historian oso esanguratsua izan den Papelera Salvadora S.A. enpresaren dokumentazioa da. Hau ere herritar anonimo batek ekarritakoa. Zehazki bi kontzeptu ezberdin biltzen dituen dokumentuak dira; batetik, La Salvadora sozietate anonimoko akziodunen batzar orokorraren akta-liburu bat, frankismoaren garaikoa; eta, bestetik, 1906tik 1952 bitarteko paper fabrikaren estatutuak.
Amasa-Villabonako Udalak gure herriko artxiboa aberastuko duten bi donazio hauek egin izana eskertu nahi die herritar hauei. Zalantzarik gabe eskertzeko ekarpena egin diote herriari. Dokumentazio oso aberatsa da, herriko historia dokumentatu ahal izateko balioko duena. Eskerrik asko!