Aranerrekako harpean historiaurreko aztarnak aztertzen ari da Aranzadi, Udalaren laguntzarekin

aranzadi villabona1

Aranzadi Zientzia Elkartea historiaurreko aztarnak aurkitzeko indusketa lanak egiten ari da Oria ibaiaren arroan, Gipuzkoaren bihotzean. Pasa den urtean egindako lehen azterketarekin Amasa-Villabonako Aranerrekako harpean aztarnategi arkeologikoa dagoela baieztatu ondoren, uda honetan harpe horretan zein giza-okupazio mota izan zen eta zein garaitan garatu zen zehaztu nahi dute ikerlariek.

Aranzadi Zientzia Elkarteko Amaia Arranz eta Jon Aldaia ikerlariek burutu dute arkeologia lana, besteak beste. Momentuz Amasa-Villabonan kokatzen diren Erretenazpiko koban, Garmendi baserriaren aldameneko koban, Irañetako tumuluan eta Aranerrekako harpean egin dituzte aurkikuntzak. Burdin Aroko aztarnategi gutxi ezagutzen dira Gipuzkoan eta ezagutzen diren horiek herrixkak dira. Beti argudiatu izan da gune horretatik kanpo sakabanatutako habitatetan bizi zirela garai hartako gizon-emakumeak. Orain arte, ordea, ez da hori argi erakusten duten aztarnarik topatu inguru hauetan.

Aranerrekako harpean topatutako zantzuek itxaropentsu egoteko arrazoiak eman zizkien Aranzadiko ikerlariei. Udaleko brigada eta hainbat boluntarioren laguntzaz gunea garbitu ondoren, sutondo baten aztarnak topatu zituzten bertan. Aurkitutako ikatz bat datatu ondoren, lehen Burdin Arokoa dela jakin ahal izan zuten ikerlariek, duela 2.500 urtekoa. Horrekin batera, zeramika zatiak eta animalien hezurrak topatu zituzten, batik bat, txerri, ardi eta txakur hezurrak. Orduko gizakientzat bizileku egoki bat izan zela uste dute Aranzadiko kideek.

Orain, eremu zabalago bat ireki dute Aranerrekako harpean, zein okupazio mailakoa den eta nolako egituraketa duen ikusteko. Azpiko maila honen gainetik egiaztatu dute beste maila arkeologiko bat dagoela, Burdin Aroko edo erromatar garaiko tartekoa. Hori oraindik zehazteko dago eta datazioen bitartez zein kronologia duen jakin ahal izango da. Aurrera begira eremua sakontzeko asmoarekin daude ikerlariak, giza-okupazio zaharragoekin topo egiteko itxaropenarekin.

Horretarako, bolondresen laguntza ezinbestekoa dute. Uda honetan ia egunero, gutxi gorabehera, sei lagun inguru biltzen dira lanean eta zenbait egunetan jende gehiago ere aritu da. Boluntarioen laguntzarik gabe ezinezkoa izango litzateke lortu dena. Honela, bi ikerlariekin batera Aranzadiko kide diren Aloña Aldasoro, Jose Luis Iraola Puskas, Jexux Bidaola Txirrita, Karlos Almorza, Joanes Karrera, Andoni Mateos, Txuma Costas eta Jexux Tapia ere bertan lanean eta laguntzen aritu dira.

Uda honetan egindako lanen ondoren, eta ikerketak bukatzean, Amasa-Villabonan hitzaldi bat eskainiko da, herritarrei eta interesa duten guztiei lortutako emaitzen berri emateko.