Gerra Zibileko fusilatuei omenaldia Beran

fusilatuak OK

Aranzadi zientzia elkarteak zazpi gorpu aurkitu ditu Berako hilerrian; haietatik hiru,gerratean eraildako hiru villabonatarren gorpuak dira. (Omenaldia, iruditan)

 Aranzadi zientzia elkartea Berako hilerrian lan arkeologikoak burutzen hasi zen joan den ostiralean, azaroaren 30ean, Berako Udalak eskatuta. Zehazki, Gerra Zibileko hobi komunean egin dituzte lanak. Emaitza, benetan lazgarria: gerrako fusilatuen zazpi gorpu aurkitu dituzte, horietatik hiru, bertan lurperatuak izan ziren villabonatarrenak.

Aranzadiko kideen ustez, hobi horretan 100 gorputik gora egon daitezke, egun Beran eraildakoen zerrenda 13 izenek osatu arren. Gorpuak lurperatuta mantentzea erabaki du Berako Udalak. Baina, aurretik, Gerra Zibileko fusilatuei “merezitako omenaldia” egitea erabaki dute Udaleko ordezkariek..”Behar bezalako omenaldia antolatu nahi dugu, Beran hil zirenen eta Gerra Zibilan bizia galdu zuten beratarren oroimenez”, esan zuen Marisol Tabernak, Berako Alkateak.

Bien bitartean, joan den ostegunean, hilaren 6an, ekitaldi xume bat egin zen biktimen omenaldi modura. Bertan, hainbat erakundetako ordezkariak izan ziren, haien artean Villabonako Udaleko batzuk: Galder Azkue Alkatea, Euskara eta Kultura zinegotzia den Nora Urbizu, EAJ-ko Nagore Puyadena eta Maria Luisa Arija, PSE-ko zinegotzia.

“Eskuak bizkarrean loturik dituzte”

Nafarroako Fusilatu, Eraildako eta Desagertuen Senitartekoen Elkarteko Lourdes Errastik azaldu zuenez, aurkitutako zazpi gorpuak bi hobitan lurperatuak izan ziren, bost gorpu batean eta bestean, bi. “Guztiek eskuak bizkarrean loturik dituzte eta bata bestearen gainean izan ziren lurperatuak”, gehitu zuen. Aranzadiren intentzioa da gorpuak identifikatu eta gorpu bakoitzari dagokion hobian lurperatzea.

Jon Abrilek, Berako Udaleko zinegotziak, Beran lurperatutako fusilatu guztien dokumentazioa aurkitzea “oso zaila” dela agertu zuen. Oraingoz, 12 pertsonen heriotza-agiri lortu dituzte: Miguel Antonio Alzaga Mitxelena (Irun), Daniel Arrillaga Tolosa (Villabona), Gabino Barroso Minguez (Villabona), Mauricio Basilique Toulouse (Donostia), Feliciano Colina Ortega (Irun), Juan Etxenike Matxiarena (Billabona, con origen en Bera), Maximo Erostarbe Baztarrika (Villabona), Constantino Iglesias Ortiz (Tolosa), Elias Constancio Mendizabal Berakoetxea (Zizurkil), Joxe Miner Zapiain (Astigarraga), Ignacio Lorenzo Romero Ojer (Donostia), Manuel Salazar Badia (Irun), Joxe Leon Uzkudun Uzkudun (Asteasu).