Amasa-Villabonako udalak Bertatik Bertara kanpainan parte hartuko du

BertatikBertara2023

Bisitariak zein bisitariekin harremana duten zerbitzu sektoreko arduradunak eta langileak euskara aintzat hartzera gonbidatzeko kanpaina egingo da Amasa-Villabonan eta udalerri euskaldunetan.

Horretarako hainbat baliabide eskainiko ditu UEMAk eta bertako kide garen dozenaka udalek, eta 300.000 mahai-gaineko inguru banatuko dira ostalarien artean. Hainbat garapen agentziak ere egingo dute bat kanpainarekin.

Bertatik Bertara kanpainarekin, bertako produktuen, paisaiaren eta gainerako eskaintza zabalaren artean, udalerri euskaldunen nortasuna egokien islatzen duena euskara dela nabarmendu nahi da aurten ere. Horretarako, bisitarientzat eta zerbitzu sektoreko arduradunentzat eta langileentzat hainbat baliabide prestatu dira, eta ekainaren erdialdetik aurrera erabilgarri izango dira guztiak: bannerrak eta testuak, tabernetan eta jatetxeetan erabiltzeko mahai gainekoak, zerbitzu sektoreko eragileei kanpainaren berri emateko baliabideak, eta bisitariek telefonoetan erabili ahal izateko hiztegia, besteak beste. Aurten, gainera, lehen aldiz, Turismo bulegoetan zein bisitariak hartzen dituzten ostatu, landetxe eta antzekoetan zabaltzeko diptikoak ere prestatu ditu UEMAk, euskaraz, ingelesez, katalanez, gazteleraz, frantsesez eta galizieraz.