Santio jaien lehen balorazio positiboa egin du Udalak

SANTIOJAIAK 2024 PROGRAMA page-0001Amasa-Villabonako Udal gobernu taldeak amaitu berri diren 2024ko Santio jaien lehen balorazioa plazaratu du:

Jai giro sanoa nagusitu da Villabonako kaleetan, parte-hartze handia izan duten jaietan

Lehenik eta behin, Udaletik gure eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu aurtengo jaietan mota guztietako ekintzak antolatzen eta aurrera eramaten lanean aritu diren herritar eta elkarte guztiei. Santio jaiak, jai herrikoi eta parte-hartzaileen eredu ederra izaten jarraitzen dutela berretsi da eta horrek gure herriaz harro egotera eramaten gaitu.

Hainbat arrazoi direla medio, udalak aurtengo jaien balorazio oso positiboa egiten du.

Agerikoa da aurtengo jaietako ekintzetan parte hartze maila handia izan dela eta giro atsegina, sanoa eta alaia nagusitu dela. Esan dezakegu, jai jendetsuak izan direla, guztion arteko elkarbizitza oso ona izan dela eta errespetua gailendu dela.

Aipagarria da ez dugula inolako eraso matxistaren berririk izan, oraingoz ez da salaketarik egon eta ez da talde feministekin osatutako protokoloa aktibatu beharrik izan. Horrek ez luke albistea izan behar, baina zoritxarrez berri pozgarria dela adierazi behar dugu. Zentzu horretan, herriko mugimendu feministak egindako prebentzio lana azpimarratu eta txalotu nahi dugu.

Era berean, ez da garrantzia handiko gertakari tamalgarririk izan. Saihestezinak izaten diren liskar txiki, lapurreta saiakera eta jokabide desegoki batzuk egon dira, baina zorionez ez dute ondorio larririk izan. Hala ere, gure elkartasuna adierazi nahi diegu larunbat arratsaldean barraka batean izandako zorigaiztoko gertakari batean zauritutako haurrari eta bere familiari.

Egitarauan jasotako ekintza ia guztiak aurrera atera dira, salbuespen bakarra bertan behera geratutako Eresargi gazte abesbatzaren kontzertua izan da.

Ezin ditugu aipatu gabe utzi udaleko langileak; kale garbitzaileak, udal brigadako langileak, Udaltzainak, kultur teknikariak… dena behar bezala atera zedin lan bikaina egin dute beste behin.

Udal Gobernutik jaien lehen balorazio labur hau argitaratzen dugun arren, argi utzi nahi dugu ez dagokigula guri Santio jaien balorazio osoa egitea. Santio jaiak, Jai Batzordeak antolatzen ditu eta ondorioz, batzordeko parte hartzaileei dagokie jaien balorazio zehatzagoa egitea. Komenigarria da jaietan egunez egun gertatutakoaren azterketa egitea, batez ere datozen urteetarako irakaspenak atera eta guztion artean hobetzen joateko. Helburu horrekin, irailean Jai Batzordeak balorazio bilera bat egingo duela aurreratzen dugu.

Eskerrik asko Villabona.
Gora Santio jai herrikoiak!

 


UDAL GOBERNU TALDEA
2024-08-01SANTIOJAIAK 2024 PROGRAMA page-0001