San Inazio eguna dianarekin hasi zen, festak aho-zapore onarekin amaitzeko prest. Goizean ur parkea izan zen haurrentzat, eta eguerdian urteroko errebote partida jokatu zuten Behar Zanako gazteek Hazparnekoen aurka. Aniztasunaren kantujira egin zen lehen aldiz, Errebote plazatik abiatuta. Arratsaldea erraldoi eta buruhandien kalejirarekin hasi zen eta sokamuturrak eman zion jarraipena. 20:00etarako jendetza gerturatu zen Remi Ayestaran pasealekura, V. urteurreneko omenaldia ikusteko. Herriko hainbat eragilek hartu zuten parte bertan, Lain taldeko abeslariak, herriko dantzariak, senideek, lagunek, herritarrek… bereziki aipagarria aurten Saharari eginiko keinua, Udala Agti dairarekin senidetu ostean elkarlanari eusteko asmoa agertu baitu Remi Gogoan ekimenak. Une hunkigarriak izan ziren Remirentzat eskainitako hitz eta txaloetan. Gauean, diskofestaren aurretik jaien errepasoa egin zen, Santioak iruditak ekimenari esker: herritarrek jai guztetan zehar ekintza desberdinetan ateratako argazkiak jasota, bideo batean bildu eta proiektatu ziren plazan. Ikusi bideoa