Villabonako Udalak proiektore digitala instalatu du Gurea aretoan, zinema aro berri batean sartuz. Ezinbesteko inbertsioa zen hori, zinema programatzen jarraitu nahi bazen; eta Udal honek apustu argia du horren alde. Joxean Cubero kultura teknikariak agertu du horrek aukera emango duela estreinaldiak lehenago izateko eta 3D pelikulak ikusteko. Proiektore berriaz gain, pantaila bilgarri berria ere jarri da; “pantaila hau ikusleengandik gertuago egongo da eta proiekzioak ikusgarriagoak izango dira” gehitu du Cuberok. Ekipamendu berria herritarrekin ospatzeko, 3D-ko bi emanaldi berezi egingo dira, bat haurrentzat (Caminando entre dinosaurios) eta bestea helduentzat (Gravity), 3€ soilik ordainduta.