
Oporrak Bakean, Saharako haurrei oporrak Euskal Herrian pasatzeko aukera ematen dien programa, berriro jarriko da martxan aurten. «Bi urteren ondoren, Saharako errefuxiatuen kanpalekuetan jaio eta hazitako haurrez bete nahi ditugu Tolosaldeko plazak», adierazi dute antolatzaileek, eta ahalik eta haur gehienek udara gure artean pasa dezaten, harrera familia bila dabiltza.
Covid-aren arazoari Saharako gerra, eta komunitate honek egunero pairatzen dituen arazoak gehitu behar zaizkio: besteak beste, janari eta ur eskasia, 55 gradutik gorako tenperaturak edota azterketa medikuen gabezia. «Mundu mailako pandemiak gogor astindu ditu errefuxiatuen kanpalekuak. Nazioarteko laguntzari esker bizirik irauten duen herri batentzat, mugak itxita izateak ondorio larriak dakartza. Covid-19aren gaixotasunak berak eragindako arazoei, aldi berean, beste arazo asko gehitu zaizkie».
Ia urte eta erdiko gerra
Pandemiari gerra gehitu behar zaio, 2020ko azaroaren 13an Marokok su-etenarekin amaitu zuen, eta soldadu sahararrek ‘lotsaren harresia’ babesten jarraitzen dute. «Eta ia urte eta erdi iraun duen gerra honek heriotzak ekarri ditu. Soldaduak ‘Oporrak bakean’ programan parte hartzen duten adingabeen gurasoak, anaiak eta senideak dira. Orain urte batzuk gure herrietan harrera egin zieten haurrak ere badira».
Aurten bai! Aurten elkartuko gara!”.
Hala eta guztiz ere, «Bi urteren ondoren, berriro elkartuko gara, elkar besarkatuko dugu, ondo pasatuko dugu eta medikuengana joango gara, eta ondo elikatuko gara» adierazi dute ‘Oporrak bakean’ plataformatik. Izan ere, bi urteren ondoren, ‘Oporrak bakean’ programa abian da.
«Harrera-familia bila gabiltza, ahalik eta haur gehienek udara gure artean igaro dezaten. Bi hilabetez etxean kide bat gehiago onartzeko prest dauden familiak nahi ditugu. Saharako herriarekin konprometitutako familien bila ari gara».
Saharako haur bat etxean hartzeko interesa dutenek martxoaren 27a baino lehen eman beharko dute izena www.oporrakbakean.eus webgunean edo oporrakbakean@gmail.com helbidera idatzita.
2022ko ‘Oporrak bakean’ programaren kartela