
Tolosaldean ospitale publiko berri baten alde sortutako Alkateen Mugimenduaren izenean, Beatriz Unzue Amasa-Villabonako alkateak, Iñaki Irazabalbeitia Alkizako alkateak, Pili Legarra Asteasuko alkateak eta Igor Zapirain Ibarrako alkateak agerraldia egin dute gaur Villabonako udaleko batzar aretoan. Alkate hauek beren kezka adierazi dute Asuncion klinikako langileek publikoki egindako salaketengatik eta Osasun Saileko Gipuzkoako ordezkariak bilera egiteko eskaerari ezezko erantzuna eman izanagatik.
Honakoa da gaurko agerraldian eskualdeko 24 alkate batzen dituen Tolosaldeko Alkateen Mugimenduak plazaratu duen oharra:
Alkateen Mugimenduak kezkaz hartu zituen Asunción klinikako langile-batzordearen ordezkariek otsailaren 10ean eginiko agerraldian esandakoak klinikaren egoerari buruz. Barne-medikuntzako unitatearen itxiera eta beste gabezia batzuk salatu zituzten.
Hori dela eta, Alkatearen Mugimenduak bilera-eskaera egin zion Juan Manuel Sanzo jaunari, Osasun saileko Gipuzkoako Lurralde Ordezkariari, hain zuzen ere gertatzen ari zenaz informazio zehatza lortzeko eta Osasun sailak egiten ziharduen kudeaketaren berri izateko.
Joan den astean, jaso dugu Sanzo jaunaren erantzuna. Ez du beharrezkoa ikusten Alkateen Mugimenduko ordezkariekin bilera egitea honela arrazoituz: ‘Une honetan prozesu horretan gaude, Klinikarekin etengabeko harremanez, langile-horniduraren bilakaera jakiteko, eta beraz, goizegi da klinikaren egoerari eta etorkizunari buruzkoondorioaz hitz egiteko bilera egitea’.
Erantzuna baloratzeko unean bi hitz. Deskortesia, batetik, herritarren ordezkarioi bilera egitea ukatu digulako etautzikeria, bestetik, Asunción Klinikaren mediku-taldearen gorabeherak ez direlako berriak eta hilabete baino gehiago pasa delako langile-batzordeak eginiko salaketatik. Denbora nahikoa egon da neurriak hartzeko.
Prozesu horretan gaudela Asuncion Klinikako zuzendari mediku Maria Caballero andereak komunikabide bati eginiko adierazpenak leitu ahal izan ditugu. Harri eta lur utzi gaituzte. Batetik, kontraesanean daude Sanzo jaunak esandakoarekin, adierazten baitu barne-medikuntzako taldea osatzen ari dela mediku berriak kontratatzen ari direlako eta martxoan zerbitzuak osorik egongo delako. Bestetik, garrantzia kentzen dio ospitalearen egoera kezkagarriari esanez ‘se magnifican por razones políticas’. Argi dugu, Asunción Klinikak benetako arazo larriak dituela ematen duen zerbitzuaren kalitatearekin eta bai Klinikaren zuzendaritzak eta baita Osasun sailak ere ez diotela egoerari konponbide egokirik ematen.
Bukatzeko, azpimarratu Alkateen Mugimenduaren iritzian Asunción klinikaren benetako konponbidea eskualdeko ospitale publikoaren bidez etorriko dela eta ospitalea ahalik eta azkarren errealitate bihurtu behar duela. Alkateen Mugimenduak, berriz ere, azaltzen du bere prestutasuna Osasun Sailarekin elkarlanean aritzeko Tolosaldeak behar duen Ospitale Publikoa lehenbailehen errealitate izateko.